Hauek dira gure egungo Hezkuntza Legeak ezarritako
oinarrizko gaitasunak:
• Hizkuntza-komunikaziorako
gaitasuna.
• Matematikarako gaitasuna.
• Zientzia-, teknologia-
eta osasun-kulturarako gaitasuna.
• Informazioa tratatzeko
eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
• Gizarterako eta
herritartasunerako gaitasuna.
• Giza eta arte-kulturarako
gaitasuna.
• Ikasten ikasteko
gaitasuna.
• Norberaren autonomiarako
eta ekimenerako gaitasuna.
Oinarrizko gaitasun hauetan
azpimarragarriena hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna dela deritzot, zeinak
barnean hartzen duen haurraren hizkuntzaren erabilera, bai eta entzuteko, hitz
egiteko, irakurtzeko eta idazteko trebetasunen garapena
ere. Hizkuntzak pentsamendua eraikitzen du, eta ideiak,
sentimenduak eta gertakariak adierazteko eta interpretatzeko bidea da.
Errealitatea ulertzeko, eta pentsamendua, emozioak eta portaera
autorregulatzeko bidea ere bada, ama-hizkuntzan nahiz beste hizkuntza batean.
Komunikaziorako, ezagutzarako eta
hausnarketarako tresna da hizkuntza. Aldi berean, besteekin eta ingurune
fisiko, sozial eta kulturalarekin loturak eta harremanak egiteko eta ikasteko
funtsezko tresna ere bada.
Hizkuntzaren bitartez besteen
bizikide gara, sentimenduak eta nahiak adierazten dira, gatazkak konpontzen
dira, ideiak eta iritziak alderatzen eta proposatzen dira –besteenak
errespetatuz–, eta norberarenak ez bezalako kulturak ezagutzen dira.
Aurkezten zaizkien
komunikazio-aukeren bitartez haurrek abilezia hauek garatzen dituzte: ahozko
adierazpena zabaldu eta aberastu, eta hizkuntzaren funtzioak eta ezaugarriak
identifikatu. Haurrek komunikazio-gertaeretan parte hartzen dutenean,
esperientziei eta ideiei buruz hitz egiten dute, besteek zer esaten duten
entzuten dute, eta elkarri eragiten ikasten dute. Horrelakoetan, norberaren eta
gizartearen beharrak asetzeko funtsezko elementu den aldetik hautematen dute
hizkuntza.
Hitz egiteko eta entzuteko
gaitasuna indartu egiten da, komunikazio-aukerak ugaritzen badira. Haurrek
hainbat modutan har dezakete parte komunikazio-aukera horietan:
• Istorio bat edo
asmatutako nahiz egiazko gertakari bat kontatuz, eta ahalik eta informazio
leial eta zehatzena emateko, objektuak, pertsonak, lekuak eta uneak
deskribatuz. Ahozko narrazioa lagungarria da behaketa, oroimena, imajinazioa,
sormena, lexikoa eta sekuentziatutako gogoeta garatzeko.
• Kanpoko sentimenduei eta
gertakariei buruz hitz eginez, eta aldi berean, lankidetzarako jarrera garatuz,
konponbideak bilatzeko. Elkarrizketak berekin dakar
hainbat abilezia garatzea;
besteak beste, entzutea, ulermena, eta galderen eta haien
erantzunen formulazioa.
• Nork bere ideiak,
eskuratutako ezagutzak, prozesu baten urratsak eta gai bati buruzko iritzi
pertsonalak jolasa edo esperimentua balitz bezala adieraziz. Praktika horrek
berekin dakar bakoitzak pentsatzen duena adierazteko edo frogatzeko arrazoitzea
eta esamoldeak bilatzea, akordioak eta desakordioak adieraztea, eta
esperientzian oinarritutako ondorioak ateratzea. Hori guztia argudioaren
oinarrian dago, konbentzitzeko metodoa den aldetik.
Irakasle
izango garen aldetik garrantzitsua iruditzen zait azaldu dudanaren berri izatea
eta haurrei modu egoki eta atsegin batean irakastea nire ustez oinarrizkoena
den gaitasuna.
No hay comentarios:
Publicar un comentario